Tesia (grekeraz θέσις thésis, "ezarpen, proposizio", "proposatutakoa, baieztatzen dena"; bere jatorria tithenai hitzean, "artxibatu") argudio testu baten hasiera edo amaiera da, argudiatu eta arrazoitu den baieztapena hain zuzen. Bertan artikulua idazten duenak gai zehatz baten inguruan duen iritzia edo ikuspuntua azaltzen da, ondoren (edo batzutan lehenago) argudioen bidez defendatuko duena.
Terminoa metodo zientifikotik dator eta eremu horretan tesia era justifikatu eta oinarrituan aurkezten den baieztapen zehatza da. Gehienetan, ikerketa-lan eta proiektuetan erabiltzen den terminoa da, ikerketak mahai-gaineratzen duen funtsezko baieztapena adierazteko. Teoria zientifiko ere deitu izan zaio, ezagutzaren parte har daitekeenean proposizio teoriko edo egitate jakin bat.
Antzinako Grezian, medikuntzaren testuinguruan zientzilari batek aurkeztu eta azaltzen zuen adierazpena zen. Bere ideien inguruan galderak egiten zitzaizkion ideia horiek eztabaidaren edo dialektikaren galbahetik igaroz, eta publikoki ideia edo baieztapen horiek izan zitzaketen kontraesanak azaleratuz.
Tesia hipotesi baten egiaztapena da, lehen hau inongo ebidentziarik gabe egin daitekeelarik, edo egiazko bihurtzen duten egitateak oraindik aurkitzeke egon daitezkeelarik. Tesia, beraz, jadanik egiaztagarria den proposizioa da, zeinaren helburua zentzu pragmatiko batean baliagarria izatea den. Hipotesi bat egiaztatu edo ezeztatzeko, eta beraz, justifikaturiko tesi gisa ezartzeko pausuak, horretarako jarraitutako arauen araberakoak dira.
Tesia, halaber, azalpen dokumentu bat da, non ikerketa lana egin duenak emaitzak aurkezten dituen. Emaitzek era sistematiko, logiko eta objektiboan eraman behar dute planteaturiko auzi edo arazoari irtenbideak bilatzera.
Nolanahi ere, tesiaren inguruko definizio ugari daude. Hemen adibidez Claudia Gómez Haro akademikoarena[1]:
“Tesia ikerketa eta argudiaketa logikoaren bidez jorratzen den ezagutza arazo baten identifikazioan datzan elementu akademikoa da. Beste era batera esanda, tesia
informazio kontaketa hutsa edo iritzi multzo bat baino gehiago da. Izatekotan informazioaren analisi kritikoa da, fenomeno jakin bat era objektibo eta egiaztatuan
azaltzeko helburuz. Zentzu horretan, berrinterpretatzen, berritzen eta ezagutza handitzen duen lan originala da. Hortaz, diziplina zehatz bati egiten zaion ekarpena da.”